Euskaraz itzulita

Printer-friendly version

FORCE2020. Proposamenen deialdia

FORCE2020 bilera Donostian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainian, egingo da (2020ko urriaren 19tik 21era), eta bileraren batzorde antolatzaileak "Pentsatzea eta jardutea maila lokalean eta globalean" gaiari buruzko aurkezpenak, solasaldi azkarrak, posterrak, demoak, mahai-inguruak eta tailerrak antolatzeko proposamenak bidaltzeko gonbita egin du. Proposamenak aurkezteko azken eguna 2020ko apirilaren 20a da.

FORCE11 urteroko biltzarrean, komunikazio akademikoan interesa duten eta, berdintasun-baldintzetan, diziplina arteko lankidetzari eta ahalduntzeari buruzko eztabaida irekiak egin nahi dituzten aktoreak biltzen dira, gerora informazio akademikoa eta zientifikoa komunikatzeko, partekatzeko eta erabiltzeko moduan eragiteko helburuarekin. Ikertzaileek, editoreek, liburuzainek, informatikariek, finantzatzaileek, hezitzaileek, ikasleek, herritarrek eta beste aktore batzuek FORCE11 bileran parte hartzen dute, ideia berriak aurkitzeko eta balizko kolaboratzaile berriak identifikatzeko.

 

Pentsatzea eta jardutea maila lokalean eta globalean

 

Tokiko jakintza-formen eta mundu mailan ezarritako estandarren arteko tentsioak eta baita tokiko akademiaren eta jakintza sortzeko, ebaluatzeko eta zabaltzeko sistema globalen artekoak ere, ikerketa akademikoaren aztergai dira. Gero eta gehiago hartu behar ditugu kontuan gure testuinguru partikularretan (tokikoa, erregionala, instituzionala edo nazionala) jarduteak dituen ondorioak eta testuinguru globalekin dituen loturak eta elkarrekiko mendekotasuna. Batak besteengandik ikasteko xedearekin —auzokideak edo urruneko lankideak izan—, FORCE2020 batzorde antolatzaileak proposamenak aurkezteko gonbita egiten du izan aurkezpen, hitzaldi, poster, mahai-inguru, aktibitate edo eztabaida-panel, hartara, ikerketaren komunikazioaren esparruan globalki pentsatzea eta tokian jardutearen (edo alderantziz)  ideiari buruz gogoeta egin ahal izateko. Besteak beste, gai hauei buruz aritu daiteke:

  • Nazioarteko esfortzuak tokiko esfortzuetara transferitzea
  • Komunikazio akademikoaren etorkizuna osatzen duten politikak eta printzipioak
  • Tokiko lankidetzetatik ikastea
  • Ekitatea edo ekitaterik eza ikerketaren ekosisteman
  • Tokiko beharrak vs. interes orokorrak
  • Tokiko sistemak eta azpiegitura orokorrak
  • Aniztasuna, ekitatea eta inklusioa komunikazio akademikoan
  • Jakintza eta jakintza sortzeko tokiko sistemak, aldaketa globalaren ardatz gisa
  • "Glokalizazioa" - komunikazio akademikoa gero eta lokalagoa eta unibertsalagoa
  • Adimen artifizialeko (eta giza adimeneko) sistemen jiteak eta horiek tokiko, eremu urriko eta baztertutako populazioetan duten eragina
  • Ikerketaren eta hezkuntzaren esparruetan tokiko komunikazioaren eta komunikazio globalaren arteko arrakala ixteko oztopoak
  • Pentsamendu globalari eragiten dioten tokiko ekintzak eta tokiko pentsamenduari daragioten ekintza globalak

 

FORCE2020 programa

 

FORCE2020ko batzorde antolatzaileak proposamen hauek aintzat hartuko ditu:

  • Aurkezpen lasterrak (gehienez 5 min) edo Pecha-Kucha modukoak (6 min 40 s)
  • Banakako hitzaldiak (gehienez 20 min)
  • Eztabaida-panelak eta mahai-inguruak (90 min bitartean)
  • Tailerrak (egun osoa edo egun erdia) - tailerrak urriaren 19an bakarrik egingo dira
  • Hakatoia (egun osoa edo eguerdia) - antolatutako hakatoiak urriaren 19an bakarrik egingo dira
  • Posterrak (poster-emanaldietan eta bazkarietan)

 

Aurkezpen hutsetik haratago doazen saio interaktiboei lehentasuna emanen zaie. Kontuan hartu beharreko formatu batzuk: World Cafe-a, eztabaidak, hipotesiak lantzea, kartografiak, rol-jokoak, oholtzak (bat-bateko predikua egiteko), ariketa pratikoak, etab. Izan zaitez sortzaile!

Programaren batzordeak lehentasuna emanen die askotariko ikuspegiak eta jarrerak erakusten dituzten panelei eta mahai-inguruei. Inklusioa bultzatzeko eta ahots guztiei lekua emateko, 2020ko udan, programaren batzordeak azken orduko aurkezpen laburrak egiteko gonbiteak banatuko ditu eta deskonferentzia bat ere antolatuko du. Horretara berariazko denbora eta espazioa eskainiko dira.

 

FORCE2020k beste erakunde batzuk ere gonbidatzen ditu beren ekitaldiak biltzarrean sartzera. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan. info-force-conference@force11.org

 

Proposamenak bidaltzea

Proposamen bat bidaltzeko, bete formulario hau. Azken eguna: 2020ko apirilaren 20a.

 

Translated from English by Dr. María Jesús Barandiaran and Dr. Iñaki Irazabalbeitia